EUSKAL ASKAPEN MUGIMENDUAREN KRISIA,TXOKE IDEOLOGIKOA,SOZIALISMO ZIENTIFIKOA,NAZIONALISMO IRAULTZAILEA…EDUARD BERNSTEIN ETA PATXI ZABALETA (OSORIK)

@BentaHaundi-k idatziriko honako txioa irakurri dut:

Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista Iraultzaileak pairatzen duen krisi sakon honetan beharrezkoa da txoke ideologikoa bermatzea.

Nik ere askapen mugimenduak krisi sakona bizi duela uste dudanez eta krisi hori gainditzeko borroka ideologikoa funtsezkoa denez,erabat ados.

Segidan ordea, aurrekoarekin loturik beste txio hau idatzi du berak:

Sozialismo zientifikoa vs tesi bersteinianoak. Euskal Herri Langilearen alternatiba iraultzailea eraiki!”

Eta mezu horren kokapena ez zaidanez hain egokia iruditu,beste txio honekin erantzun diot:

Nazionalismo iraultzailea vs erreformismo orokorra”.ZERGATIK?

Askapen mugimenduaren krisia erabat lotuta dago tesi erreformisten nagusitzearekin,baina zeri nagusitu zaizkio tesi horiek,zein da askapen mugimenduak askapen borroka gauzatzeko osaturiko ardatz ideologikoa?

Esan beharrik ere ez legoke,baina argi eta garbi eta behar bezain bestetan adierazi beharra dago: NAZIONALISMO IRAULTZAILEA (edo abertzaletasun iraultzailea).Hain zuzen euskal askapen borrokak erantzuten diolako bai zapalkuntza nazionalari,bai zapalkuntza sozialari.

Gogoratu beharrekoa da askapen mugimenduaren hastapenetan oso korapilatsu eta gatazkatsua izan zela nazio eta klase borroka teoria eta praxi iraultzaile bakarrean uztartzearena.Baziren kasik ikuspegi nazionalista hutsak eta baziren nazio zapalkuntza kasik aintzat hartzen ez zutenak ere.Areago,une batean sozial-inperialista espainolistak eragin handia izatera iritsi ziren.Ordukoa ere krisi sakona izan zen askapen mugimenduarentzat,baina krisi hura, hain zuzen, nazio zein klase borrokak uztartzeko oinarri ideologikoa finkatuz gainditu zen (V.asanblada ezagunean):Nazionalismo iraultzailea,askapen integrala helburu,euskal nazio borroka baieztapen sozialista gisa definituz.

Ideologi mailan ezaugarri nagusiak dira: iraultzailetasuna, eta abertzaletasunaren eta sozialismoaren uztarketa,hots iraultzailetasuna nazionalki zein sozialki (independentzia eta sozialismoa helburu).

Hastapeneko krisi hura horrela gainditu zen ideologikoki.Gaur egungo krisian,antzeko egoera errepikatzen da maila ideologikoan.Nazionalismo iraultzailearen krisiak suposatu du bai erreformismoaren eta bai ikuspuntu soilik nazionalen edo soilik sozialen berrindartzea.Eta baita oportunista anitzen berragertzea ere.Horrela erreformismoari alternatiba gisa aurkeztu nahi dute batetik klase ikuspunturik ez duten nazionalista batzuk (nabarrista batzuk edo Orreaga taldea adibidez) eta bestetik nazio ikuspunturik izan ez eta sarri atzerriko sukurtsul huts diren eragile batzuk (dexenteko sigla zopa dabil ildo horretan).

Eta horren aurrean zer defendatzen dut nik?Bai erreformismoarekiko eta bai aipaturiko oportunistekiko “txoke ideologikoa” nazionalismo iraultzailearekin egin behar dela.

Talka nagusia hor ezarri behar dela uste dut.

Baina,nazionalismo iraultzailearen krisiari loturik,agerpen erreformista,partzial eta oportunistekin batera, bada aipagarria den beste fenomeno bat ere.Hain zuzen ere,nazionalismo iraultzailearen krisia, berau lurperatu eta marxismo-leninismo soilez ordekatzeko ahalegina (kasu! “soilez” diot,nazionalismo iraultzailearen hezurmamitzean osagai baita marxismo-leninismoa ere).

Horrek askapen mugimenduaren izaerara garamatza noski.Hots,nazio askapenerako mugimendu sozialista iraultzaile izaerara,aipaturiko ordezkatzearen arabera, izaera hori ere alda bailiteke,nazio askapenaren ezaugarritze hori bigarrengotu edo desagertuz.Alegia,mugimenduak sozialista edota komunista izaerarekin nahiko lukeela eta “nazio askapenerako” azpimarratzea soberan legokela.

Nazionalismo iraultzailearen lurperatze/ordezkatze hori bi ildo desberdinetatik egiten da.Bata,nazionalismo iraultzailea beti “burges-ttipi” kontsideratu izan dutenen ildo beretik.Ikuspegi horiek “nazio askapenerako mugimendu sozialista iraultzailearen” ezaugarritzetik kanpokoak dira eta ez naiz horretaz luzatuko.Gogora dezadan,artikulu honen jatorrian aipaturiko txioak “nazio askapenerako mugimendu sozialista iraultzailearen krisia” aipatzen zuela.”Mugimendu komunistaren krisia” aipatuko balu,ez nuke eman nuen erantzunik emanen (zertaz ari garen garbi geldi dadin).

Bestelakoa da,nazionalismo iraultzailea agortutzat jo eta abertzaletasunarekiko apurketarik gabe, ordezkatze hori,mugimenduaren izaera atxikiz planteatzen dutenena,baina nere ustez okerra da hori ere.Beharrezkoa ez delako.

Nazionalismo iraultzailea ardatz edo oinarri teoriko askatzaile bat da,ezaugarri argiak dituena eta V.asanbladan finkatu zena.Baina ez da ez testu bat,ezta asanblada bat ere. Garatu, egokitu eta eguneratzen den oinarria da,zeinaren garapenak ikuspuntu estrategiko desberdinak barnebil ditzakeen (oinarri horren baitan,noski,hortik kanpoko dira planteamendu erreformistak eta ikuspegi partzialak).

Horregatik “V.eko planteamenduak gainditu behar direla” adieraztea nazionalismo iraultzaileari kontrajarria izan daiteke edo ez.Kontrajarria gainditu beharrekotzat oinarriak ezartzen badira,bateragarria oinarriak mantenduz nazionalismo iraultzailearen garapen bezala burutuz gero (zentzu horretan V.eko planteamendu batzuk,nazionalismo iraultzailearen baitan, gainditu,osatu edota aldatuak izan direla argi dago,batzuetan onerako eta beste batzuetan txarrerako,baina ez gara horretan murgilduko…).

Nazionalismo iraultzailearen ardatz izaera azpimarraturik,hel diezaiogun bernsteinismoaren aipamenari.Zergatik uste dut egokiagoa dela askapen mugimenduaren krisia bernsteinismoarekin baino,erreformismo orokorrarekin lotzea?

Hasteko, Eduard Bernstein-en erreformismoa sozialismoarekikoa delako funtsean eta ez hain espezifikoa nazio askapena ere barnebiltzen duen borrokarekiko.Hau da,Bernstein sozialdemokraziaren ikurra da,baina euskal askapen mugimenduaren krisiarekin loturiko erreformismoak ez du izaera hori soilik.Erreformista da arlo sozialarekiko (sozialdemokrata,”ongi-izate” estatu kapitalista eredutzat defendatzeraino),baina baita nazionalarekiko ere (egungo marko administratiboen onarpena erakusle).Eta noski,baita ekinbide politikoan ere.Hots,orokorra den erreformismoa da.

Bestetik Eduard Bernstein erreferentzia urruna da.Bere teoria eta praxia ezagutzea garrantzitsua da erreformismoa aztertu eta borrokatzeari begira,baina euskal askapen mugimenduak pairatzen duen erreformismo espezifikoak erreferentzia argi eta hurbilak ditu.Hor ikur nabarmen bat Patxi Zabaleta da adibidez.Zabaletaren planteamendu historikoak dira batzuek erabat bere egin dituztenak.Zentzu horretan, zenbaitek “otegismoa” aipatu izan badute ere,pertsonalitate gisako goresteaz haratago,Arnaldo Otegik maila ideologikoan eta estrategikoan ez du berrikuntza nabarmenik suposatu.Urteetan ezagutu dira tesi berdinak.Izendatu behar izatekotan “otegismo” baino, “zabaletismo” izendapena zuzenagoa litzateke.

Bukatzeko,beste puntu bat ere aipagarria da eta hasierara itzuliz, nazionalismo iraultzailearen izaerari lotua da.Oinarri horren ezaugarri izan da hastapenetik, praxiari begirako teoria iraultzailea izatea.Izan ere,historikoki zein gaur egun,badira azterketa ideologikoa praxiaren garapenera bideratzea baino,azterketa “bizantinoetara” bideratzen dutenak.

EUSKAL ASKAPEN MUGIMENDUAREN KRISIA,TXOKE IDEOLOGIKOA,SOZIALISMO ZIENTIFIKOA,NAZIONALISMO IRAULTZAILEA…EDUARD BERNSTEIN ETA PATXI ZABALETA (OSORIK)

1 thoughts on “EUSKAL ASKAPEN MUGIMENDUAREN KRISIA,TXOKE IDEOLOGIKOA,SOZIALISMO ZIENTIFIKOA,NAZIONALISMO IRAULTZAILEA…EDUARD BERNSTEIN ETA PATXI ZABALETA (OSORIK)

  1. Arranomendi-k dio:

    2.atalarekin loturiko iritzi trukaketa:erlaitza.wordpress.com/2015/03/24/euskal-askapen-mugimenduaren-krisiatxoke-ideologikoasozialismo-zientifikoanazionalismo-iraultzaileaeduard-bernstein-eta-patxi-zabaleta-2-atala/#comments

    Atsegin dut

Utzi iruzkina